Pablo Picasso-k L'Humanitén George Steer-ek The Timesen kaleratu zuen kronikaren itzulpena irakurri eta Ce Soiren hondamendiaren argazkiak ikusi ere egin zituen: gupida ziela edo margotzeko benetako arrazoi batek akuilaturik, Guernicari ekin zion. Picassoren ikuskera kubistak Gernika ankerkeria militarraren biktima zen biztanleria zibilaren ikur globala bilakatu arte destolestu zuen; hala ere, Gernikaren aurkako raid-a ez zen ausazkoa, Steer-en hitzetan: "Gernikan ez zen xede militarrik: bonbardaketak biztanleria zibilaren etsipena zuen helburu euskal aberri eta kulturaren altzoaren erraustearen medioz".
Steerek lekukotasun bikoitza eskaini zigun: Picassok margoez itzulitako bonbardaketaren salaketa etsia eta "Europako Demokraziarik zaharraren" kimu berrien iragarki itxaropentsua. Egun Palestinan, Iraken, Afganistanen, Kolonbian, Tibestin, Darfurren, Somalian eta gure baitan Guernicak sasoi betean dirau eta inoiz baino premiazkoagoa ditugu elkarrizketa, begirunea eta hiritarron inplikazio zuzena ez alderdikerietan, politika hutsean baizik. Hauxe bera da Gernikako Artea eta Bakearen III Topaketarako proposatzen duguna: herritarron arteko eta erakundeekiko elkarrizketa artibista, sortzaile eta partehartzaileak. Gernika Foru-hiri zaharretik, Demokrazia humanista eta artezaren zorutik eta bere agetxaren inguruan artisten batzarra biribildu nahi dugu honako eztabaidagaiarekin: Hiritarron Partaidetza Bake Prozesuetan Artearen Bidez: Antzerki Legegilea (Gales, Austria eta Israel), Artibismoa (Ipar Irlanda, Libano eta Rif), Komunitate-Artea (Australia, Aotearoa -Zelanda Berria-, Eskozia, Hego Afrika eta Euskal Herria) eta dagoeneko Euskal Herrian abian dauden ekimenak: besteak beste, elkarrizketarako aulkien biribilak.